IBILBIDEAK

 

Euskal Herritik pasatzen den Santiagoko Ibilbidea Zubietatik igarotzen da. Barnealdeko bideko 2. etapa da, Saiatzeko ibilbidea deitua. Hernanitik hasi eta Bidaniara arrte doa eta 28,8km-takoa da.

Informazio gehiago nahi izanez gero, hemen aurki dezakezue.

 

Zubietako ibarra bizikletaz, sartu-irtena Oria ibaiaren haranean

Donostia eta Lasarte-Oria arteko 19 kilometroko ibilbide atsegina. Hirian bertan egiten den zatia izan ezik, gainerakoan errepide arruntean ibili beharko da.

Donostiako udaletxearen eta Nautikoaren artean hasten den bidegorrian ekingo diogu txangoari. Kontxa eta Ondarreta hondartzetako pasealekuetan barrena, Eduardo Chillidaren Haizearen Orrazira helduko gara.

Atzera eginda, Infanta Kristina kaleko bidegorria hartuko dugu, etxe dotore artean EHUren campusera heltzeko. Ibaetako errotondan Igararako bidea hartuko dugu eta, aurreneko bidegurutzean, bihurgune batean, ezkerrera egingo dugu, Igarako bide zaharrean aurrera. Udal ibilgailu-biltegira heldutakoan ezkerreko bidea hartuko dugu berriro ere, Errotaberri aldera.

Errepide nagusitik jarraituz, zubi txiki bat igaroko dugu eta, ondoren, kilometro bateko aldapa gogorra izango dugu aurrean. Maldan gora hasi aurretik geldialditxo bat egiten badugu, atseden hartzeaz gain, hegoaldeko igeltxoa bizi den urmaela ikusi ahal izango dugu. Desagertzeko zorian egon ondoren, badirudi suspertzen ari dela aparteko babesa duen bertako igel espezie hori. Malda igotakoan, autobidearen azpitik igaro eta aurrera jarraituko dugu. Aldapa dugu berriro ere ehun bat metroren buruan; oraingo honetan, ordea, beheranzkoa.

Sokorroko Andre Mariaren ermitaren ondotik igaro ondoren, Usurbilgo erdigunera iritsiko gara. N-634 errepidearen gaineko pasabidetik, industrialderantz abiatuko gara eta, hortik, Usurbilgo apeaderora. Pasonibela igaro ondoren, pabiloi artean ibiliz, zubi batera helduko gara eta, hori zeharkatuta, Santuenea aldera joango gara, Zubietara iristeko.

Zubietan hainbat leku interesgarri ditugu: Txikierdiko zubia, erreboterako pilotalekua, Santiago eliza, baserri ugari eta bereziki, Aizpurua baserria. 1813an, Donostia suak suntsitu zuenean, baserri horretan bildu zen udal kontzejua, eta bertan hartu zen hiria berreraikitzeko erabakia.

Hipodromoa eskuinean utzita irtengo gara Zubietatik eta, zubi bat zeharkatu ondoren, Lasarte-Oriara helduko gara. 500 bat metrora dugu nahi izanez gero Donostiara eraman gaitzakeen trena. Iritsi garen bidetik itzultzea ere badago, noski.

Iturria: gipuzkoaturismo.net