FRONTOIA

 

Zubietan mantendu den ohituretariko bat Errebotearena da. Gaur egun, jende gutxik praktikatzen du Euskal Pilotaren modalitate hau. Iparraldean ohitura hau biziago mantentzen da, baina Gipuzkoan (eta Hego Euskal Herrian) hiru plaza baino ez daude: Zubietan, Villabonan eta Oiartzunen, eta herri horietako taldeek baino ez dute jokatzen.

Gerra Zibilarekin galdutako errebotearen tradizioa berreskuratzeko, Zubietan Yoko-Garbi elkartea jaio zen 1956an. Pilota eskola hortik sortu zen, 1996. urtean. Udaberrian eta udan plaza librean jokatzen
dute eta neguan, berriz, ezker paretako frontoi estalian, joko garbian.

Errebotean, bost jokalarik osatutako talde bi lehiatzen dira kantxa laukizuzenean, aurrez aurre. Atzeko pilotariek saskia, joko garbiko xistera edo xistera txikia erabiltzen dute eta erdirago daudenek, eskularrua.

Sakea eskuz egiten da, errebotetik 32 metrora egon ohi den botarritik. Sakeak pareta jotzen du eta errestoa errebotean talka egin eta gero egin behar da; hortik jokamoldearen izena. Tantoak kintzeka zenbatzen dira, 40 tantora, eta 13 jokotara lehiatzen dira.