Historia

 

Zubieta izenaren esanahia “zubiaren tokia” da. Herritik hurbil zegoen eta Oria ibaia zeharkatzeko erabiltzen zen zubian izan dezake bere jatorria.

XII. mendearen erdialdean, Antso Jakituna Nafarroako erregeak Donostiari Forua eman zion eta diotenez, Zubieta garai hartan sortu zen nahiz eta bere aipamen zehatzik ez egon.

XIV. mendean, Usurbil hiribildua sortu zenean, Zubietako baserrien lehenengo izenak agertzen dira. Garai hartan, Donostia edo Usurbilen arteko hautua egin behar izan zuten Zubietako baserriek (24 inguru).

Horrela mantendu zen Zubieta XVII. mende arte. Aipatutako mende horretan egin ziren: Santiago eliza, Aliriko zubia, Kontzeju etxea (Alamandegiberri)… Horrez gain, hainbat baserri berri ere sortu ziren.

1666an Unibertsitatea bezala ezagutzen zen Zubieta.

1680an, Santiago eliza eraiki zenean, Donostiari 20 baserri zegozkion, eta Usurbili, berriz, 11.

Donostia aldeko baserriak hauek ziren: Aizpurua, Altzu, Artutxa, Berridi, Goiaran, Petritza, Arbitza, Irigoien, Etxenagusi, Araeta, Aliri, Kalea, Araundi, Artzabaletaaundi, Oianguren, Etxetxo, Artzabaletatxiki, Alamandegiberri, Tellerikoa eta Aizpuruko errota.

Usurbilgoak, berriz, honako hauek ziren: Barrenetxebekoa, Alamandegizar, Lizarraga, Lertxundi, Zuasti, Etxeberriaga, Barazar, Irurubieta, Goikoetxea, Kamio eta Amiribekoa.

Donostia eta Usurbilgo baserrien artean, guztira 22 baserri ziren auzotasun osoa zutenak, orduko idazki batek dioenez.